XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ATARIKOA

XX. mendeko euskal liburugintza bildu asmo duen lan mardularen bigarren atala dugu orain aurkezten dugun liburuki hau.

Lehenengoa, 1993. urtean argitara emandakoa alegia, mende hasieratik 1992. urterarte argitaratutako bibliografiaren azalpena zen; oraingoak, berriz, 1993 eta 1994koak ematen dizkigu jakitera.

Adierazgarria izan daiteke, beraz, liburukion banaketa, garbi asko ikus baitaiteke, nolakoa eta zenbaterainokoa izan den euskal liburugintzaren bilakaera.

Euskal Herrian tradizio handia izan du eta oraindik ere tradizio horrek bere indarrean dirauela esan behar ahozkotasunak eta, beraz, euskal literaturaren historia ez da oso antzinakoa: bizi dugun mende honetara mugatzen dela esan dezakegu estiloaren eta gaiaren aniztasunari, produkzioari eta batipat irakurlegoaren finkapenari bagagozkio.

Hori gutxi ez dela, euskaraz idatzitako liburuak 60 eta 70 hamarkadetan hasi dira etxeetara heltzen eta bereziki azken bi hamarkadotan izango dute adin-heldutasuna ospatzeko zoria.

Nola uler daiteke, bada, ikus-entzunezko mass-media indartzen eta hedatzen den aldian eta literatur tradizio errotuagoa duten hizkuntzetako liburugintzan argi gorriak pizten ari diren bitartean euskalduna bezain tradizio gutxiko liburugintzak hainbesteko oihartzuna lortzea?

Zalantzarik gabe, zerikusi handia du fenomeno honek euskararen arlo ezberdinetarako zabalkuntza eta normalkuntzarekin eta, nola ez, euskal argitaletxe eta idazleek eskainitako maila eta profesionaltasunarekin ere.

Dena den, ez ditzagun izar hautsak astindu eta perspektibak galdu.

Literatura unibertsalean dugun leku txikiaz jabeturik eta geure buruen ahalmenetan kokaturik, garbi asko ikus dezakegu euskal liburugintzak, halabeharrez, bere leku propioa irabazi duela eta leku hori, orain eta gero ere, muga estuetan bizi dela.

Baina Newtonen fisikaren erlatibitate arauak aplikatuz, behatzailearen perspektiba izaten da munduari zentzua ematen diona, bere munduari noski, (...)